2017(e)ko urriaren 19(a), osteguna

EUSKARAZKO WIKIPEDIAN MILA ARTIKULUTIK GORA ARGITARATZEA ADOSTU DUTE

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Wikilarien Elkarteak hitzarmen bat sinatu dute, euskarazko wikipedian kalitatezko mila artikulutik gora sortzeko hiru urtean, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak jakinarazi duenez. Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro inbertituko ditu urte bakoitzean hiru urtez luzatuko den proiektua honetan (guztira 600.000 euro), eta sortutako artikuluak 12 eta 16 urte bitarteko ikasleentzat bideratuta egongo dira.

Donostiako Tabakaleran egindako ekitaldian aurkeztu dute proiektua Bingen Zupiria berak eta Galder Gonzalez Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko kideak, eta bien artean azaldu dituzte euskarazko wikipedian "kalitatezko" artikuluak sortzea helburu duen proiektuaren xehetasunak.

Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu duenez, Wikipedia "munduko entziklopediarik irakurriena da eta munduko 300 hizkuntzatan argitaratzen da", tartean, euskaraz.  Artikulu kopuruari dagokionez, euskara munduko 31. hizkuntza da.

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak gidatuko duen proiektuaren izenburua "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" da, eta dagoeneko balizko 1.600 artikuluren zerrenda osatu dute. Hautatutako gai horiek 15 esparru ezberdinetakoak dira: Matematikak (100 artikulu); Geografia eta Historia (300); Hizkuntzak (50); Ekonomia Ekintzailea (100); Plastika eta Ikus-entzunezkoak (150); Biologia eta Geologia (200); Kultura Zientifikoa (50); zeharlerroa: Emakumea eta Generoa (70); Kultura Klasikoa (100); Musika, Dantza eta Antzerkia (150); Fisika eta Kimika (150); IKTak (40); Literatura (50); Filosofia (50); eta Gorputz-hezkuntza (50).

Gonzalezek azaldu duenez, proiektua "auzolanean" egingo dute unibertsitateen, hezkuntzako instituzioen eta Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikasleen laguntzarekin.

Bestalde, hiritarrek ere parte har dezakete proiektuan, eta informazio guztia eskuragarri izango dute webgunean edota Wikimedia blogaren bitartez.





Iturria:eitb.com

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina